XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
KULTURA
Iruñeko gazteentzako literatur lehiaketaM. GOÑI. Iruñea
Iruñeko Gazteentzako Literatur Lehiaketa dela eta, Udalak lanak aurkezteko epea heldu den 24ean amaituko dela gogoratu du.
Udalak igorritako informazioan zehazten denez, lehiaketa bi sailetan banatzen da, olerkian eta narrazio laburrean, eta gazteleraz zein euskarazko idazlanak aurkez daitezke.
Beti ere, lanen egileak 14 eta 18 urte bitartekoak izanen dira.
Olerki sailean aurkezten diren lanak gutxienez 8 folio eta gehienez 15ekoak izanen dira, eta narrazio laburrean, berriz, 8 eta 25 folio bitartekoak.
Idazlanak Iruñeko Udalaren Erregistro Ofizialean aurkeztu behar dira, bost kopia eramanez.
Sail bakoitzean hiru sari banatuko dira.
Lehen saria 50.000 pezetakoa izanen da, bigarrena 25.000koa eta hirugarrena 15.000koa.
Horretaz landa, oroigarri bana emanen zaie irabazleei.
Bertzalde, gaur amaituko da Haurrentzako Euskarazko Literatur Lehiaketan lanak aurkezteko epea.
Sariketa hau ere Iruñeko Udalak antolaturik dago eta umeetan literatur zaletasuna pizteko helburua dauka.
Aurtengoa lehiaketa honen zortzigarren edizioa izanen da eta parte hartzeko zenbait modalitate dauka.
Alde batetik marrazki baten bidez ikasleek istorio bat garatzeko aukera dute, beste aldetik ipuin lehiaketaren bitartez lehia daiteke, eta azkenik bertso paperak ere aurkez daitezke.